Viento del Norte es el contenedor de opinión de elDiario.es/Euskadi. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de una sociedad compleja e interesante. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continuo cambio.
Bilboko finalaren faktura

Bilbok, aste honetan, gizonezkoen UEFAko Europa League delakoaren finala antolatuko du. Zalantzarik gabe, inportantea den ekitaldia da. Athleticek ez zuen lortu etxeko finalean egoteko helburua eta, hasiera batean, historiarako eguna izan behar zenaren puxika pixka bat hustu dela dirudi. Aurrez aurre, Manchester United eta Tottenham Hotspur aurkituko ditugu, Premier League ingelesaren ordezkari aipagarriak.
Hala ere, berriro diot, inportantea den ekitaldia da. Egia esanda, xarma berezia aurkitzen diot txapelketa honi. Arrazoia erraza da: ni neu UEFAko final batean egon nintzen. 2001eko maiatza zen eta beste euskal talde batek, Deportivo Alavések, Liverpoolen aurka jokatu zuen Dortmunden, Alemanian.
Bilbok eskarmentua dauka azken urte hauetan formatu handiko deialdi hauetan. 2023ko Frantziako Tourraren irteera bertatik egin zen, Gasteiz eta Donostiara bidaiatu baino lehen. Eta iaz emakumezkoen UEFAko Champions League delakoaren finala ospatu zen. Pandemiak 2020ko Eurokoparen aukera zokoratu zuen baina 2030eko Munduko Txapelketa prest dago, Donostiarekin batera.
Erakundeek hartutako erabaki baten erakusle dira ekitaldi hauek guztiak. Ekonomiari ematen dioten bultzada da hauek sustatzeko arrazoi nagusia. Hala ere, beti iruditu zait ondorioak ateratzeko erabiltzen diren txostenak gehiegikerietan erortzen direla. Iaz, adibidez, ipinitako aurrekontu publikoa 17 aldiz berreskuratu zela esan ziguten Champions League hori amaitzerakoan.
San Mamés berriak -edo barriak- 53.000 lagunentzako tokia eskaintzen du. Hala ere, hainbat iturriren arabera, 80.000 izango dira Manchester eta Londonetik etorriko direnak, Getxok dituen biztanleak. 165 hegaldi berezi prestatu dira. Loiura iritsiko dira, bai, baina baita Foronda, Hondarribia edo Santanderrera.
Azken egunotan, Trivago, Booking, Wallapop, Vueling, Ryanair eta beste webgune batzuk aztertu ditugu. Prezioek gora egin dute. Ekitaldi hauekin batera klasiko bat bihurtu da gure inguruko hoteletan zer gertatzen den ikustea. 9.000 euroko alokairu bat ikustera ailegatu naiz. Jaurlaritzak dio prezioak kontrolatzeko tresnarik ez daukala. Tabernetan ere negozioa egingo dute ‘supporter’ taldeei garagardoak eta janaria salduz.
Eta kirolaren inguruan sortzen den indarkeriaren gaia ere mahai gainean dago. Ertzaintzak autobusez bidaliko ditu lurralde osoko baliabideak. Kirolean baino, futbolean ematen den fenomenoa da. Eta gizonezkoen futbolean gainera. Zuriñe Rodríguez kazetariak, iaz, Champions League horren finalaren ostean idatzi zuen bertan bizitakoa oso desberdina zela gizonezkoen partida batekin alderatuz.
Eta -inportantea iruditzen zait hau azpimarratzekoa- ez da beharrezkoa kanpotik inor etortzea arazoak egoteko. 2024/2025 denboraldian, txosten ofizial baten arabera, Athletic eta Real Sociedad taldeen dozena bat partidetan istiluak egon dira. Ordutik, Alavésen Ligako partida batean ere Atlético de Madrid taldearen ultrek arazoak sortu zituzten. Legeak aurreikusten du pribatuak diren antolatzaileei Ertzaintzak bere gain hartu behar dituen gastuen zati bat kobratzea. Mendira bazoaz alerta egoera batean eta zure bila helikopteroa bidali behar badute gauza bera gertatzen da. Baina oso gutxitan aplikatzen dira faktura horiek.
Finalari begira, erakundeetatik esan digute hirian normaltasunik ez dela egongo. Maialen Ferreira gure lankideak UPV/EHUren egoera aztertu du. San Mamés ondoan fakultateak daude eta 19 irakasgaien azterketak bertan behera gelditu dira egun horretan ezinezkoa izango delako bertaratzea. Ez da eztabaida berria. Anoetatik gertuen dagoen ikastetxeak haurrak etxera bidaltzen ditu Europako partidak badaude. Eta Athleticek gabarra atera zuenean ia dekretuz jaieguna egin zen.
'Pint of Science' dibulgaziorako jaialdi bat da. Gure hiriburuetako taberna batzuetan egiten da. Bilbon, zientzialari batzuek erabaki dute futbolari aurre egitea eta osasun mentala eta aldaketa klimatikoa mintzagai izango dute. Asteazken arratsaldean bilduko dira, finalaren orduan.
Eguneroko mugikortasunean, garraioan eta beste zerbitzu batzuetan ere aldaketak egongo dira. 2019an, Gasteizen, saskibaloiko Euroleague delakoaren Final Four-a ospatu zen. Buesa Arenaren aparkalekua itxi zuten eta antolatzaileek pribatuak ziren autobusak ekarri zituzten, garraio publikoa baino askoz garestiagoak. Ibone Bengoetxea lehendakariordeak esan zuen bezala, ekitaldi hauek “nolakoak garen, kanpotarra nola hartzen dugun, nola ospatzen dugun eta gauzak nola egiten ditugun” erakusteko aukera eskaintzen dute.
Sobre este blog
Viento del Norte es el contenedor de opinión de elDiario.es/Euskadi. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de una sociedad compleja e interesante. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continuo cambio.
1